Tu Youyou Txinan jaio zen 1930eko abenduaren 30ean, Ningbo izeneko hiri batean. Txikitatik asko gustatzen zitzaion irakurtzea eta gauza berriak ikastea. Medikuntza ikastea erabaki zuen, batez ere sendabelarrak eta haien propietateak aztertzeko asmoz; izan ere, Txinan medikuntza tradizionala oso garrantzitsua zen eta landare asko erabiltzen zen gaixotasunak sendatzeko.
Garai hartan, malaria izeneko gaixotasuna arazo larria zen munduan. Malaria sortzen duen intsektu batek ziztatzen zuenean, jendeak sukar handia izaten zuen eta askotan hil egiten ziren. Ez zegoen sendagai on bat, eta gaixotasunak jende asko hiltzen zuen Afrikan, Asian eta beste leku bero batzuetan. Horregatik, gobernuak zientzialariei sendagai bat bilatzeko eskatu zien.
Tu Youyou-k eta bere taldeak milaka belar aztertu zituzten. Liburu zahar batean aurkitu zuten Artemisia annua landareak sukarra jaisteko balio zuela. Hori ikusita, esperimentuak egiten hasi ziren. Lehenengo saiakerak ez ziren ondo atera, baina Tu Youyou-k ez zuen amore eman. Beste liburu zahar batean, beste metodo bat aurkitu zuen. Haren arabera, landarea tenperatura baxuan prestatzea zen onena, horrela, sendagaiaren zati garrantzitsuena ez baitzen galtzen.
1972an, azkenean, lortu zuten sendagai berria: artemisinina. Konposatu hori oso eraginkorra zen malaria sendatzeko. Tu Youyou-k esperimentu gehiago egin zituen eta ikusi zuen sendagai berriak oso emaitza onak zituela. Haren aurkikuntzari esker, milioika pertsona sendatu dira eta malaria ez da jada heriotza-zigor bat leku askotan.
Tu Youyou-k ez zuen ospetsu izateko lan egiten, bere helburua jendea sendatzea zen, ez dirua irabaztea edo famatua izatea. Urte askoan, jende askok ez zekien bere izena, nahiz eta berak egindako lanak milioika bizi salbatu zituen. 2015ean, Medikuntzako Nobel Saria irabazi zuen, eta orduan mundu guztiak ezagutu zuen haren lana. Nobel Saria irabazi zuen lehen emakume txinatarra izan zen.
Tu Youyou-k erakutsi zuen tradizioa eta zientzia batera erabil daitezkeela. Liburu zaharretan oinarritu zen, baina metodo zientifikoa erabili zuen sendagai berria lortzeko. Haren lana oso garrantzitsua izan da, eta gaur egun ere artemisinina erabiltzen da malaria tratatzeko.
Haren istorioa oso inspiratzailea da, inoiz ez zelako errenditu eta beti saiatu zelako jendeari laguntzen. Gaur egun, Tu Youyou zientzialari askoren eredu bihurtu da eta horiei esker ziur bere lana betirako gogoratuko dela.